Larraitz-Abaltzisketa arteko pasealekua bigarren ibilbide egokitua da eta Aralarko natura parkean dago. Ibilbidea Larraitzeko ermitan hasten da eta Abaltzisketako herriguneraino iristen da. 1,5 km-ko luzera eta % 8ko gehieneko malda ditu. Bideak 2 metroko zabalera du eta zorua hormigoi inprimatukoa da, gurpildun aulkientzat eta ibiltzeko zailtasunak dituztenentzat egokia.
Bidean zehar itsuei trazatuaren berri emateko testura ezberdineko gida distala jarria dago. Halaber, zeharkako giden bitartez, bidean zehar jarritako informazio panelen berri ematen da.
Paseoan baranda bat jarri da bi alturako eskudelak dituena, eta horietan ukipen-plakak eta botoiak jarri dira, distantzien, atseden guneen hurbiltasunaren, panelen, eserlekuen eta abarren berri ematen dutenak.
Ibilbidean zehar inguruko natura eta kultura baliabideei buruzko 40 informazio-panel daude, goierliebean eta braillen idatziak. Era berean, fauna espezie ezberdineko brontzezko hainbat irudi jarri dira.
Malda handieneko zatietan atsedena hartzeko lauguneak egin dira eta ibilbide osoan zehar diseinu egokituko egurrezko eserlekuak jarri dira.
Orientatzen laguntzeko, iluntzen duenean, ibilbidea argiztatuta egongo da bi orduz, ibiltariari abiapuntura itzultzeko aukera emateko. Bideko argiez gain, argi berdeko puntuak jarri dira Abaltzisketako noranzkoan eta argi gorrikoak Larraitzeko noranzkoan.
Ibilbidea egokitzeko lanek aprobetxatuz, hainbat hobekuntza egin dira Larraitz inguruan. Hala, atseden eremuan mahaiak jarri dira, eremu horretako aparkalekuak asfaltatu egin dira eta Larraitzeko ermita dagoen plazatxoa hiritartu da. Guztira obren aurrekontua 650.000 eurokoa izan da eta lanak 9 hilabetetan egin dira.